XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lotsagarria izanen da, baiña egia da: Napoleon'en borrokaz gero, orrenbeste denboran, Españi'ko jeneralek irabazi dituzten garaitza guztiak beren erriaren aurka borrokan irabazi dituzte. ¡Bazuan Balmes'ek arrazoirik aski!.

Alfontso XIII'aren erregetza izan da batez ere militarren urdurikeriaren aroa.

Kuba eta Filipinak galdu ondorean eta Afrika'ko gudua bukatu eziñik, iñoiz baiño aundiagoa bait zan orduan aien amorrazioa.

¡Politikalariek omen zuten ondamen guztien errua! Bearrekoa omen zan Españi jasotzeko militarrek Jaurlaritza beren eskuetan artzea.

¡Ez politikaz, ez soziologiaz, ez ekonomiaz tutik ere ez zekiten militarrek!... Españi jasotzeko?.

Politikan sartzeko irrikaz, gudaroztearen almena eta iaretasuna sendotzeko, la Ley de Jurisdicciones lortu zuten 1906'ean, eta 1916'ean las Juntas Militares de Defensa asmatu zituzten.

La Ley de Jurisdicciones edo Eskumende-Legea, Agintaritza zibillaren errenditze bat, makurtze aundi bat izan omen zan; eta ondorio mardul luzeak ekarri omen zituan: (Encycl. Brit.).

Lege orrek, militarren aurka egindako irain guztia, oben biurtzen zuan, eta oben orren zigorketa epaile militar bakarren eskuetan ipintzen zuan.

Iare, libre, ziran arrezkero militarrak kritika orotik!.

Las Juntas Militares de Defensa edo Babes-Alkarte Militarrak, asieran sindikato baten antzeko ziran, baiña laister sartu ziran oso-osoan politikaren zurrunbilloan, eta nai izan zuten guztia egin zuten politikagintzaren arloan.

Gobernu guztiak erabilli zuten Alkarte Militarren indarra moztutzeko asmo sendoa, baiña gobernua baiño askoz indartsuagoak ziralarik, ez zitzaien Junta aiei gauza zailla gertatu, atsegin ez zuten Jaurlaritza oro ankaz gora botatzea.

Españi gaixoa ez zitekean okerrago ibilli: Bazeramazkian, ogeitabost urtetan ¡ogeita amaika gobernu!.

Nork esan du munduko politikarik naasiena Mexiko'koa izan dala?.

Alkarte Militarrak ziran Españi'n egiazko gobernua, Laterriaren nagusi bakarrak, eta ala jarraitu zuten Primo de Rivera'ren denboran, eta ondorean ere Errepublika sortu arte, eta ala jarraitu nai izango dute Errepublikaren denboran. ¡Ez zegoan Balmes begira!.

Eliza, ofizialki, Errepublikaren alde-edo jarri zan.

Beintzat legezko gobernutzat artu zuan Errepublika 1931'ean aurrena eta 1933'an gero gotzai guztiek argitaratu zituzten Eskutitz Pastoral biren bidez.